★ ELKARRIZKETA – INTERVISTA

  • Luglio 12, 2012 10:48

http://bilbokobranka.info/?p=24831

LANDER FERNANDEZ: “NIRE ATXILOKETA POLIZIAREN JAZARPENA SALATZEAREN ONDORIOA DA”

 

Italiako Justiziak Espainiak haren aurka igorritako estradizio eskaera onartzen duen ala ez erabaki bitarteanetxean preso dute Lander Fernandez santutxuarra, Erroman. Atxilotu zutenean italiar poliziek lasai egoteko esaten zioten, “lasai Lander, ez gara espainolak”, eta atxiloketa enkarguz, Espainiak hala eskatuta, egin zutela onartu zioten.

Landerrek berak azaldu behar izan zizkien atxiloketaren arrazoiak eta agenteek ezin izan zituzten sinetsi. Ondorioz, epaileak euroagindua onartzeko arrazoirik ez zela erabaki eta estradizio prozedura arrunta abiarazi zuen.

Espetxean bi egun igaro eta gero etxera joatea baimendu zioten, handik irteteko debekua ezarrita. Espetxetik etxera pasatzea elkartasun sareak egindako lanaren fruitua dela dio berak.

Nolakoa izan zen atxiloketa?

Atxiloketa bortitza izan zen. Ekainaren 13an goizeko zortzi eta erdiak inguru abokatu eta politikari batekin hitzordura joatean gertatu zen. Etxeko atetik irten eta 20 polizia inguru agertu ziren, batzuk burua estalita zuten eta pistolarekin buruan apuntatu zidaten. Aipatzekoa da ni lasaitzeko behin eta berriro errepikatzen zidatela “lasai Lander, ez gara espainolak”.

Behin atxilotuta, kontua lasaitzen joan zen, bai etxeko miaketan, bai komisaldegian tratua egokia eta lasaia izan zen.

 

Bi egun espetxean igaro ostean epaileak etxera joateko baimena ematen dizu baina bertatik irteteko debekua jarrita. Zer eragin dizu debekuak? (Bizitza normaltasunez ezin egitea, lanera joan ahal ez izatea,…)

Poliziak atxiloketa konfirmatu zuen eta espetxera bidali ninduen. Italiar legediaren arabera 48 ordutan epaile batek atxiloketa berretsi behar du. 48 ordu horiek igarota, epaileak informazio gehiago behar zuela esan zuen eta bitartean atxiloketa konfirmatu zuen, baina ez espetxean, momentuz etxean atxilotuta egotea agindu zuen. Orain, etxean nago preso, nire askatasuna mugatuta dago. Ezin dut lanera joan, ezta lagunekin irten, azken finean ezin dut nire bizitza normaltasunez jarraitu… Abokatuak askatasun eskaera egin du neurri hauek ken ditzaten, baina hainbat egun igaro dira eta ez dute erantzun, beraz, egoera berean jarraituko dudala pentsatzen dut.

 

Auzia zein puntutan dago une honetan?

Auzia oraindik hasi besterik ez da egin. Italiar epaileak kasu honetan MAE (euroagindua) ezin dela aplikatu eta estradizio prozedura klasikoa aplikatuko duela erabaki du. Honek dakarren aldaketak hauek dira: epeak luzatzen dira, defentsarako berme gehiago daude,… Orduan, estradizio prozesua ez dela hasi edo oraindik lehenengo fasean dagoela esan daiteke.

 

Atxilotu zintuztenetik elkartasun keinu eta ekimen ugari ikusi ditugu. Ikusgarria izan da zure askatasunaren alde sortutako mugimendua. Espero al zenuen horren babes handia jasotzea?

Atxiloketa gertatu aurretik, euskal militanteen aurkako errepresioa orokorrean eta nire kasua konkretuki salatzeko kanpaina bat martxan jarri zen. Kasuari buruzko informazioa hedatuz joan zen elkarrizketa, hitzaldi, zein blog baten bitartez. Atxiloketa gertatzean aurretiaz egindako lan guztia aprobetxatuz sarea aktibatu egin zen eta emaitza handia izan da. Espetxean bi egun egin nituen eta denbora horretan politikari eta lagunen bisitak izan nituen. Espetxetik etxera pasatzea elkartasun sareak egindako lanaren fruitua da, azken finean mediatikoki esandako gezurren kontrainformazioaren fruitua izan da.

Orain kanpainak aurrera jarraitzen du, kasua eta sarea ahal den heinean hedatuz eta Internet bidez aktibatu duten sinadura bilketarekin jarraituz. Elkartasuna imajina nezakeen, agian ez hainbestekoa, eta gainera ez da gauza bera irudikatzea edo bizitzea. Erromatik nire askatasuna aldarrikatuz pintadak, kartelak, pankartak… ikustean sentitzen dena ezin da deskribatu. Detailerik txikienera heldu arte asko daukat eskertzeko hemen jasotako laguntzagatik.

 

Aurretik, Euskal Herrian bizi zinenean, hainbat aldiz salatu izan zenuen Poliziaren jazarpena, eta horrek ere ondorioak eragin zituen. Orain baina, Italian bizimodu normala egiten zenuen urte eta erditik, zertara dator atxiloketa zure ustez?

Poliziaren jazarpena salatzearen ondorioak dira oraindik. Poliziak bahitu ninduen eta beraiekin kolaboratzeko eskaintza egin zidan. Gertaera horiek publikoki salatzea da nire delitua. Auzitegi Nazionalak auzi bat ireki zuen nire aurka, 2002. urtean gertatutako kale eraso batzuetan parte hartzea leporatuta. Orain Madrilen epaitu nahi naute eta horregatik atxilotu naute.

 

Nola hartu du Italiako Justiziak Espainiak zure aurka egindako akusazioak?

Harriduraz hartu dutela esan daiteke. Adibidez, komisaldegian niri galdetzen zidaten zergatik nengoen atxilotuta, Espainiatik ni atxilotzeko agindua heldu zela, baina oraindik atxiloketaren arrazoia heldu behar zela. Hasiera batean ezin nuen sinistu horrela zenik. Nik komentatu nien zein izan zitekeen arrazoia eta harrituta begiratzen zidaten, zerbait gehiago egon behar zela esaten zuten. Geroago fax-a heldu zen eta nik komentatu niena zela ikusi zuten. Goizean beraiek egindako operazioa bera ere zalantzan jartzen zuten. Espetxera bidali ninduten, baina esan zidaten agian epaileak ez zuela atxilotze agindua berretsiko.

 

Maila pertsonalean nola ikusten dituzu azkenaldian hainbat euskal herritarren aurka, euroagindua dela medio, abiatutako prozesuak?

Irakurketa ezberdinak egin daitezke atxiloketa hauek zein interesen arabera egiten dituzten ulertzeko. Ebidenteena errepresioa aktibo jarraitzen duela da, Euskal Herrian gertatzen denaren gainetik edota Estrasburgotik esaten dutenaren gainetik nork agintzen duen gogoraraztea.

 

Orain arteko bizipenek zer ondorio ekarri dizkizute?

Norberaren herria, familia eta lagunak utzi beharra beti dela esperientzia gogorra. Hala ere, jasotako elkartasuna eta laguntasuna handia izan dela, esperientzia oso polita dela.